2011-05-10

EUSKARA SEXISTA AL DA?




Azpeitiko Euskara Patronatuko web orrian agertzen den,  Amaia Alvarez Uriak euskara hizkuntza sexista den inguruan egindako lana jaso dugu.

Amaia Alvarez Uria KULTURA

Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa.
Sarrera

Lan honen (1) helburua azken hogeita bost urtetan euskara eta sexismoari buruz egin diren lanak biltzea eta aztertzea da, gai honetan adituak direnen hitzak jasotzea eta bata bestearen ondoan jartzea (2). Hori egin eta gero, iruzkintzen eta osatzen saiatuko gara. Gauza batzuk barneratuta daude jadanik, beren bidea egin dute, eta beste askok beti bezala jarraitzen dute. Testu hau dagoena ezagututa aurrera begira jartzeko eta nondik jarraitu behar dugun erabakitzeko asmoarekin egin dugu.

Hiru esparru landu dira oro har hizkuntzari dagozkionak: hizkuntzaren bidezko sexismoa, hizkera femenino eta maskulinoak (edo sexulektoak) eta hizkuntza tresna maskulinotzat jotzen duen joera.

Lehenengo esparrua da gehien sakondu dena euskararen munduan. Bi alde daude hemen; lexikoaren azterketa, batetik (oso alde bizi eta aldakorra) eta hizkuntzaren egitura edo sistema (finkoa eta historian zehar oso astiro aldatzen dena) bestetik.

Bigarren esparruan sinismen eta uste ugari daude (kultura anglo-amerikarrean folklinguistics deitu izan diote honi). Datuetan oinarritutako ikerketak izan beharrean, susmoetan eta aurreiritzietan oinarritutakoa da honi buruz idatzitako gehiena. Hizkera femeninoari buruz hitz egitean dauden usteak hauek dira, Cameronen arabera:

Etorririk eza (hitz egitean emakumeek ez dute gizonezkoek duten jariotasuna).
Esaldi amaitugabeak (emakumeek hizketa informala darabilte, ahozko komunikazioa dute oinarri).
Hurrenkera logikorik gabeko hizketa (pentsamendu logiko-matematikoa gizonezkoena denez, gai batetik bestera “saltoka” hitz egiten dute emakumeek).
Galdera doinuko baiezkoak (auto-estimu baxua berriro ere, besteen onespena behar dute emakumeek bere hizketarekin jarraitzeko).
Gizasemeek baino gutxiago hitz egitea (bere sexu/generoari “dagokio” hitz egiten egon beharrean entzutea, rol pasibo-hartzailea “beraiena” den heinean).
Konpetentziazkoak baino kooperaziozko estrategien erabilera (3) (konpetitibitatea balio maskulinoa omen da, arlo publikoa maskulinoa omen den bezala).

Ikus daitekeenez, hizkera femeninoaren ezaugarri hauen atzean pentsamolde patriarkala/androzentrikoa agertzen da, rol femeninoa eta maskulinoa zehatzen dituena, bakoitzari portaera eta balio jakin batzuk emanez, sexu/genero bereko pertsona guztiak arau orokortzaileen bidez berdindu nahian.

Hirugarren esparrua aipu bat besterik ez da euskarari buruzko artikuluetan; pentsaera honen arabera, hizkuntza gizonezkoek sortu dutenez, eta haien tresna denez, emakumea ez da bertan agertzen eta ez da horrekin identifikatzen; beraz, arrotza da berarentzat eta emakumeentzat baliagarria izango den tresna bat osatu behar da. Adibide bat ematearren hor daukagu The Madwoman in the attic liburuaren lehen esaldia: “The pen is the penis”. (4)

Has gaitezen lehenengo esparruan egindakoa ikusten. Horretarako hiru puntutan banatuko dugu gaia: hizkuntza, euskara eta, azkenik, androzentrismoa eta sexismoa.
Orain arte egindako lanak

Hizkuntza

Zer da hizkuntza? Nori galdetzen diozun da kontua. Hemen ere zenbat buru hainbat aburu. Izan ere, hainbat ikuspegitatik hel dakioke gai honi, hori dela eta, makina bat erantzun aurkituko ditugu:

Hizkuntza komunikazio tresna da (esan nahi duguna nahi dugun moduan esan dezakegu?).
Gertaera soziala (hartu-emana eskatzen du, parte hartzea, pertsonak).
Prestigiozko ezagupena (ez dago guztien esku hizkuntzaren ezagutza; alfabetatugabeak eta etorkin batzuen integrazio arazoak).
Kultur adierazpidea (hizkuntza kulturaren parte da eta kultura hizkuntzarena).
Errealitatearen isla (eguneroko gertaerek eragiten dute hizkuntzaren erabileran, hitz hautaketan adibidez).
Ezagupena sortzeko bidea da (jakituria lortzeko hizkuntza eta terminologia ezagutu behar ditugu).
Errealitatea interpretatu eta sinbolikoki sortu egiten du (izena duenak izana du).
Pentsamoldea baldintzatzen du (erretorikaren, ondo hitz egitearen boterea eta informazio berria jasotzean "fitxeroan" sartzen dugu eta beste jakituriak bazter ditzake).
Arketipoak transmititzen ditu.
Generoen irudikapena adierazten du.
Nortasunaren eta identitatearen garapenerako garrantzitsua da.
Lurralde edota nazio baten ezaugarria da.
Jendarteak eta historiak sortutakoa da.
Moldagarria da, etengabe aldatzeko gaitasuna du, garai berrietara egokitzeko ahalmena du nahiz eta zaharkituta dagoen eta aipatutako egokitzapena ez den guztiz gauzatu (eta hor agertzen da hizkera ez-sexistaren beharra besteak beste).

Honetaz gain, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik, hizkuntza araua eta erabilera da, sistema bikoitza alegia. Saussurek langue (hizkuntza) eta parole (hizketa) ezberdintzen zituen eta Chomskyk competence (gaitasuna) eta performance (jarduera, ariketa). Hizkuntzak eta errealitateak elkarri eragiten diote beraz, eta honen ondoren galdera bat agertzen zaigu: zer da sexista, hizkuntza ala erabilera? Aditu batzuen hitzak erabiliko ditut honi erantzuna emateko:

“Kultura sexistatik mintzaira sexista dator eta mintzaira sexistak kulturaren sexismoa iraunarazten du” (Agurtzane Juanena).
“Hizkuntza errealitatearen sortzailea da eta munduak sortua aldi berean” (Uri Ruiz Bikandi).
“Euskara kultura sexista batean murgildutako hizkuntza ez-sexista da” (Linda White).
“Hizkuntzek ez dute beren egituragatik diskriminatzen. Hizkuntzak kultura jakin baten isla dira” (Begoña Muruaga)
“Ezin dugu hitz egin... ‘hizkuntza sexista’ri buruz, baizik eta hizkuntzaren ‘erabilera sexista’ri buruz... hizkuntzak... aukera ugari ematen baitu errealitate jakin bat deskribatzeko” (Emakunderen proposamenetan)

Gai honen inguruan hiru iritzi daude nagusiki; lehenengo iritziaren arabera harreman dialektikoa dago arauaren (sistema, hizkuntza edo gramatika ere deitutakoa) eta erabileraren (hizkera eta mintzaira ere deitutakoa) artean, hau da, hizkuntzaren bi aldeek dute zeresana eta hauek biak kontuan izan behar dira sexismoa gaindituko bada. Bigarren iritziaren arabera kultura/errealitatea da sexista, eta hori aldatuz gero, hizkuntza-sistema ere aldatuko da eta, honen ondorioz, ez dago hizkuntzan aldaketarik egin beharrik edo, behintzat, ez da lehentasunen arteko eginbeharra hizkuntzaren sexismoarena. Azken iritzia da zabalduena eta honen harira egin dira gaur egun ezagutzen ditugun gomendio asko; hauen arabera erabilera da sexista (hizkuntza-sistema ez da sexistatzat jotzen).

Gure ustez, argi dago erabilera ez-sexista egiteko aukera ematen digula euskarak. Hala ere, erabilera sexista egiteko aukera dagoen neurrian ez al da hizkuntza hein batean sexista? Gainera, onartzen badugu gaztelania, frantsesa, ingelesa... beste hizkuntza (batzu)k sexistak direla, zerk ezberdintzen du euskara? Ikusten duzuenez, guk lehenengo iritziarekin bat egiten dugu.


Euskara

Euskararen zama sexista %5 da, ingelesarena %15, frantsesarena %40 eta gaztelaniarena %80, Álvaro García Meseguerren arabera (5). Meseguerrek sexu-zama kuantifikatzeko kontuan hartzen dituen faktoreak hurrengo hauek dira: genero gramatikalaren eta sexuen arteko erlazioa (el chico/la chica); maskulinoaren erabilpena genero komunaren balioaz (droits de l´homme, postman); aditzaren eta izenordeen sexualizazioa (míralo, escúchala; he/she) eta erro maskulinotik hitz komunak (humanidad, mankind) (6).

Euskarak ez dauka genero gramatikalik eta horren ondorioz jendeak pentsatzen du ez dela sexista, baina beste modu batzuetan agertzen da genero bereizketa, (giza-, anai-, ema-, -gizon, -eme, -andre). Hirugarren pertsona singularra neutroa da (bera/hura), beste hizkuntza askotan markatuta dagoenean. Atzizki gehienak neutroak dira (-gizon, -eme, -andre kenduta). Aditzean genero bereizketa agertzen da hikako tratamenduan (parekoen arteko binakako komunikazioan sexua gramatika kategoria bihurtzen da: -n/-k).

Erdaretatiko datorren eragina ere aipatu egin behar da. Hizkuntzan kalko eta maileguetan azaltzen da, (maskulino orokortzailea: aitak, errege katolikoak; generoa adjektibo eta izenetan: antropologo, boluntario). Linda Whitek “genero kutsadura” (7) deitzen duena ere gertatzen da euskaraz; izen neutroak pentsamenduan genero batekin identifikatzen ditugu (medikua, langilea, politikaria, erizaina, idazkaria, garbitzailea); generoa morfologikoki ez da ia agertzen euskaraz, asoziazio kultural baten ondorioz gaineratu/ezarri zaio. Baina ez da lanbideetara mugatzen, gizonezkoek balio generikoa duen edozein esaldi bereganatzen baitute (gazteek = gizon gazteek (8)).

Hiztegiari erreparatzen badiogu, “itxurazko bikoteak” topa ditzakegu (forma berdina dituzten hitz pareak baina esanahi ezberdina generoaren arabera, adibidez emabakar: monogamo eta gizabakar: norbanako, indibidual; gizalege (begirunea) eta emalege (hilekoa); gizatxar (pertsona gaizto, zital) eta ematxar (puta)), edo “jauzi semantikoak”, generikotik espezifikora doazenak eta alderantziz, (adibidez gizon, txo eta gizajo genero maskulinoaren adieratik salto egiten dute adiera generikora).

Gai honetan polemika gehien sortu duena pertsona adierazteko hitzen arteko aukerarik egokiena zein zen erabakitzea izan da. Gizon hitza erabili izan da bai maskulinoa bai generikoa adierazteko euskararen historian zehar, maskulinoa izanik, eta giza- erroa gizon hitzetik datorrela aintzat hartzen badugu, etimologikoki gizaki maskulino izaten jarraitzen du. Honen aurrean bi jarrera egon dira: alde batetik hegoaldean gizaki neutrotzat hartu izan denez luzaroan eta gaur egun semantikoki desberdinak direnez horrela uztea, (giza-ren eratorriekin batera, gizarte, gizalege...) eta maskulinorako gizon, gizaseme eta gizonezko lagatzea.

Bestetik maskulino orokortzaile eta emakumeen izkutatzaile den forma hauek baztertzea eta jende(ki), pertsona eta jendarte proposatu dituzte, (gizon, gizaki eta gizaseme forma maskulinoak izanik eta emakume, emazte, emazteki femeninoak). Gainera, kontuan hartu behar da iparraldean egun gizaki forma maskulinoa erabiltzen dela emaztekiren aldean.

Hiztegiari buruz ari garenez eta hain gai polemikoa izan denari buruz komentario xume bat egitearren, hona hemen Ibon Sarasola euskaltzain eta hiztegigileak esaten duena gizaki hitzari buruz:

“Tradizioa aldarrikatu behar dugu sasitradizioen, asmaketa arbitrario eta alferrikakoen –batez ere alferrikakoen- aurrean, baina ez beti eta ororen gainetik. Adibidez, gizaki, tradizioan ‘gizonezkoa’ da batez ere. Baina ‘giza arrazako banakoa’ adieran ere erabili da. Hizkuntzak gaur egun, begien bistako arrazoiengatik, gizonezko nahiz emakumezko edozein izendatzeko, gizon-ez bestelako hitz bat behar du. Froga daiteke, tradizioa gorabehera, gizaki dela betebehar horretarako aukerarik egokiena, eta ‘gizonezko’ esateko baditugula gizaki bezain egokiak. Horrelako egoeretan, tradizioak ez lioke oztopo egin behar, inondik eta inola ere, hizkuntzaren aurrerabideari”. (9)

Beraz, bai Ibon Sarasolak, bai Emakundek gizaki eta gizarte hitzak proposatzen dituzte forma orokor eta neutrotzat. Erabaki honen arazoa da hegoaldera mugatzen dela eta, iparraldea kontuan hartu nahi badugu, ikuspegi global batez (euskara Euskal Herriko hizkuntza denez), jende(ki), pertsona eta jendarte erabili beharko genituzke (tradizioan ere agertzen direnak, Lhanderen hiztegian besteak beste).

Honen guztiaren aurrean bi bide ditugu; hitz berriak sortu edo hizkuntzak eskaintzen dituen aldaeren artean egokia den bat aukeratu egokia ez dena baztertuz. Helburu honekin Emakundek proposamen batzuk egin ditu hurrengoa argudiatuz: “hizkuntzaren erabilera jakinaren gainean aldatzea lagungarri gertatuko da gure mundu-ikuskera eta gizonen eta emakumeen arteko harremanei buruz daukagun kontzeptua ere aldatzeko”.

Instituto de la Mujer-ekoek hurrengo arrazoiak ematen dituzte proposamen ez-sexisten alde: “arau linguistiko batzuek emakumeen identifikazioa oztopatzen dute; arau linguistikoak ikuspegi androzentrikotik eginda daude; rol sozialetan gertatu diren aldaketetara egokitu behar da hizkuntza diskriminatzen duten estereotipoak baztertzeko”.

Emakunderen hizkera ez-sexista erabiltzeko gomendioak:

Gizon, gizaseme eta gizonezko forma maskulinoak dira. Forma orokorrerako gizaki eta giza- erabiliko ditugu. "izena+gizon" egituraren ordez, "-ari" atzizkia edo "langile" erabiliko dugu.
Euskaraz ditugun hitz elkarketak erabiliko ditugu (seme-alabak, neska-mutilak), eta ez erdaratatik etorri zaizkigun kalkoak: aitak, semeak... (maskulino orokortzaile direnak).
Zuzendari jauna formula saihestuko dugu eta hurrengo hiru aukeren artean aukeratu: zuzendaria edo zuzendari jaun/andrea (zein generotakoa den ez dakigunean), zuzendari jauna edo zuzendari andrea (zein generotakoa den dakigunean).
Ez dugu "-sa" atzizkia erabiliko. Zubereraz bizirik dagoen arren (laborarisa, jainkosa, alarguntsa, abadesa, alkatesa), hegoaldean "-ren emaztea" esateko erabili baita. Beraz, generoa zehaztu nahi badugu, neska/mutil dantzaria edo gizon/emakume dantzaria esango dugu.
Hitanoa ez dugu talde misto bati zuzendutako mezuan erabiliko.
Kontuz beste muturrera pasatzearekin (erdaretikako itzulpenetan hizkera sexista saihesteko perifrasi batzuk beharrik gabe mantentzea).
Gizartea bi generok osatzen dugu, bien interesak asetu behar dira. Emakumeei buruz hitz egiten ari bagara zehaztu, eta berdin gizonekin. Ez erabili lagun, pertsona, haur... forma orokorrak zehatzei buruz ari bagara.
Pareko tratamendua eman behar zaie emakume eta gizonei. Saihestu “Etxebarria jauna/zuzendaria eta Mirentxu”; “gizonak hor daude eta neskak orain etorriko dira”; Kontuz adjetiboekin: lirain, eder, polit, panpox, pertxenta, xarmant eta indartsu, sendo, azkar, iaio, trebe... (generoekin identifikatzen dira eta hori zaindu egin behar da).
Ez dira lotu behar estereotipoak eta gizarte-paperak, lanbideak, sexuak. Zirujaua, abokatua, soldadua, iturgina, arotza, jostuna, ile-apaintzailea, erizaina... andrazkoak zein gizonezkoak izan daitezke.
Pertsonak izen, abizen, kargu, lanbidez identifikatu behar dira, ez andreaz. Erabili: “(Miren) Azkarate Kultura sailburua (ez (Miren) Azkarate andrea)”. Gizonekin abizena soilik aipatzen bada, andreekin gauza bera egin.
Ahaidetasun-erreferentzia alferrekorik ez egin. Saihestu “alkate jauna eta bere emaztea”.
Ez gutxietsi edo oztopatu emakumeen ekintzak hizketaren bidez, haien irudi soziala gutxiesten baita modu horretan.

Emazteek diote, Eraikizan eta Anuntxi Aranaren proposamenak:

Jende(ki), pertsona (gizaki, gizonen ordez)
Jendarte (gizarteren ordez)
Haurrideak (anaiaken ordez; anai-arrebak)
Haurridetasuna (anaitasunaren ordez)

Begoña Muruagaren gomendioak:

Mezuen atzean dagoen simetria faltan, anbiguotasunean, sexismoan erreparatu.
Ez galdu alderdi anekdotikoetan (@ ren zuzentasuna gaztelaniako generikoa osatzeko adibidez) eta emakume eta gizonen arteko harremanen azterketa egin.
Arreta berezia jarri prentsa, iragarki, futbol, internet eta bideojokoetan agertzen diren eredu eta esaeretan.
Adi egon, gizartean lortu ditugun aldaketa txikiak oso erraz galdu ditzakegu eta (Anuntxi Aranak esaten du “aitzinamenduak ez dira[ela] itzulezinak”).

Bestalde, aipatzekoa da hizkera ez-sexista erabiltzeko gomendioek egin duten bidea, hau da, Emakundek eta HAEE-IVAPek hartutako erabakiak abian jarri dituzte eta Euskaltzaindiak ez ditu sinatu nahi izan Emakunde, HAEE-IVAP, Hizkuntz Politikarako idazkaritza eta Euskaltzaindiaren lan taldean egindako gomendioak. Aitortu dute ez dela astakeria baina ez datoz bat.

Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioetan gramatikaltasunari eta tradizioari erreparatzen diote (honen ondorioz dvandva hitz elkarketak aipatzen dituzte; seme-alabak eta ez semeak adibidez, baina besterik ez). Real Academia de la Lengua Españolarekin berdin gertatzen da, ez dute gehiegi egin hizkera ez-sexista erabiltzeko gomendioei dagokionez, tradizionalki gizonezkoen lanbideren bat femeninoan ere jarri (tradizio handiena dutenak soilik; adibidez, abogada) eta kito. Ondo legoke XXI. mendea izaki hauen aldetik ere partehartzea egotea.

Erabilera aldatzea sistema aldatzea baino errazagoa da, nahiz eta hizkuntza ere historian zehar aldatzen den, zu garai batean plurala (10) zen eta gaur egun singularra da adibidez, eta honek azkenean sisteman eragingo du. Arauak hitzei buruzkoak dira, esanahiak ezin dira hain erraz aldatu, hauek sinbolo sistemarekin daukatelako harremana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.